Asteleheneko udalbatzarrean Orioko Antilla hondartzako 3. zenbakian kokatuta dagoen taberna-jatetxean ostalaritza zerbitzua eskaintzeko lehiaketako baldintza juridiko eta ekonomiko-administratiboak onartu zituen Orioko Udalbatzak.
Kontratua guztira hamar urtekoa izango da, eta urteko 22.242 euroko (BEZ-ik gabe) kanona ordaindu beharko du ostalaritza zerbitzua eskaintzeko eskubidea eskuratzen duenak. Horrez gain, esleipena lortu duenak eraikina egokitzeko behin betiko proiektu teknikoa aurkeztu beharko du, esleipena jakinarazten zaionetik hilabeteko epean. Ildo horretan, udalbatzarrean nabarmendu zuten, hamar urtetan gutxienez 30 mila euroko inbertsioa egin beharko duela.
Irizpideak
Orioko Udalak esleipenduna erabakitzeko hainbat irizpide markatu ditu, eta asteleheneko udalbatzarrean jakinarazi zituzten. Kanonaren hobekuntza, 30.000 euroko gutxieneko inbertsio plana, jarduerari buruzko memoria eta hondartza ingurua dinamizatzeko memoria kontutan hartuko dituzte erabakia hartzerakoan.
Lehiaketako baldintzak Orioko Udaleko idazkaritzan izango dituzte herritarrek eskuragarri. Proposamenak ere bertan aurkeztu ahal izango dira 30 egun naturaleko epean, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.