"Udan irabazten baldin badugu, lan ona egin dugulako irabaziko dugu"

Karkara 2019ko ots. 13a, 11:00

Itziar Olasagasti (Jon Urbe/Berria.eus)

Aitor Manterola kazetariak Itziar Olasagasti elkarrizketatu du 'Berria' egunkarirako.

Orioko Arraunketa Etxean sartu, eta hantxe dago zintzilik Orioko emakumezkoen traineruko arraunlariek Portugaleten irabazitako bandera, aurreko hilean. Ordutik, beste bat ere eraman dute herrira: Sestaokoa, duela bi igande irabazitakoa. Prestaketako estropadak baino ez direla dio Itziar Olasagasti arraunlariak (Orio, Gipuzkoa, 1989). Aldatuko lituzke udan jokatuko dituzten bandera ofizial batzuekin.

Jokatu diren bi estropadak irabazi izanak zer esan nahi du?
Irabaztera joan ginen, lan ona egitera, baina ez du ezer esan nahi. Kaikuk antolatzen duen jaitsiera bost aldiz irabazi dugu aurreko urteetan, eta begira gero zer geratu den udan. Bi estropada horietan lan ona egin dugu, ondo atera zaizkigu gauzak, eta pozik gaude, baina mila gauza ditugu hobetzeko oraindik. Horretan ari gara.

Zertan hobetu behar duzue?
Teknikan. Arraunlari multzoa iazkoaren oso antzekoa da, baina perfekzioa nahi dugu, kontu txikiak landu arraunketa hobetzeko. Lan handia eskatzen du horrek, 23 arraunlari garelako, eta elkarren arteko koordinazioa behar delako. Etxean ateratzen da, baina gero lehian egin behar da, eta jaitsierak ondo daude, lehiarako lekua jartzen dizutelako.

Arraunlari berriak ere badituzue. Zaildu egiten du horrek denon arteko koordinazioa lortzea? 
Arraunlari berriak ditugu, eta baita lehen ibilitako batzuk ere. Denon elkar hartzea lortu behar dugu, eta ondo ari dira sartzen gure arraunketan.

Antzeman duzu zuen arteko lehia hazi egin dela taldea indartzearekin batera?
Pixka bat bai. Baina ez gara itsutzen, geure lekuan gaude. Bakoitzak bere burua estutu behar du.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide