Bihar, larunbata, Errege bezperaz, iritsiko dira Oriora Errege Magoak. Arratsaldeko 18:00etan zubitik etorri eta udaletxeko balkoira igoko dira, herritarrak bertatik agurtzeko.
Ondoren, kalez kale ibiliko dira kabalgatan eta gero kiroldegira joango dira. Bertan, Errege Magoek beren opariak Jesus Haurtxoari eman eta herritarren aurrean hitz egingo dute.
Antolakuntzak KARKARAri adierazi modura, hainbat nobedade izango dira aurtengo Errege Kabalgatan: Ez dugu nahi ezer aurreratu, sorpresa izatea nahi dugu. Azpimarratu nahi dugu, ordea, kiroldegiko agerraldiaren ondoren Ikastolako pergolan 'photocall' moduko bat ipiniko dela, etxeko txikienek Errege Magoekin argazkiak ateratzeko. Argazkia atera ez ezik, goizean bizarzuriri gutuna emateko aukera izan ez duten umeek, Erregeei eskura emateko parada izango dute.
Goizaldean, eskutitza bizarzuriri
Arratsaldean Errege Magoak herrira heldu aurretik, bizarzuri ibiliko da Orion goizean zehar. Goizeko 11:00etan Anibarko Portutik aterako da. Dikeko Aldapa igo eta Goiko Kalea zeharkatu ondoren, Eusko Gudari eta Arrantzale kaleetatik barrena ibiliko da, bidean zehar haurren eskutitzak jasoz.