Oteizaren lanak gogora, Sao Paulon jaso zuen nazioarteko sariaren 60. urteurrenean

Karkara 2018ko abe. 11a, 17:00

Oteizak 1957an jaso zuen nazioarteko eskultorerik onenarentzako saria, Sao Paulon. (Kutxa Kultur)

60 urte bete dira Sao Paulon nazioarteko eskultorerik onenarentzako saria jaso zuenetik, eta Juan Pablo Huercanosen eskutik, Oteizaren artelanen bilakaera, nazioarteko artearen bilakaera eta testuinguru historikoa aztertuko dituzte Kutxa Kulturren, gaur 19:30ean.

1957. urtean, Jorge Oteiza oriotarrak nazioarteko eskultorerik onenarentzako saria jaso zuen Sao Pauloko IV. Bienalean. 60. urteurrena dela eta, artista oriotarra oroituko dute Kutxa Kulturren, Jorge Oteiza Sao Paulon. 60 urte Bienalean izan zuen garaipenetik hitzaldiaren bidez.

Gaur, asteartea, izango da Catalina Erauso Arte Elkarteak antolatutako doako saioa, 19:30ean Kutxa Kulturreko Ruiz Balerdi aretoan (Tabakalera eraikina, Donostia). Juan Pablo Huercanos hizlariak Bienalean Oteizak aurkeztutako lanak izango ditu hizpide, eta baita bere obren bilakaera orokorra ere. Hortik abiatuta, nazioarteko artearen bilakaera eta testuinguru historikoa ere aztertuko ditu, artea gerra hotzaren testuinguruan kokatuz.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide