Otsailean hasi zen Euskaraldiko lantaldea herrian ekimena gizarteratzen, eta "oso gustura" daude oriotarren artean izan duen harrerarekin, dagoeneko 1311 oriotarrek eman baitute izena Euskaraldian. "Euskaraldiko 11 egunetan konturatuko gara uste duguna baino jende gehiagorekin egin dezakegula euskaraz, eta gure inguruko askok benetan nahi dutela gainontzekoek haiei euskaraz egitea. Bide berri bat abiatuko dugu, eta jabetuko gara jende asko dugula inguruan, lagun asko, bide hori gurekin batera egin nahi duena", azaldu dute Orioko Euskaraldiko lantaldetik.