Ez Itxi Begiak elkarteko kideek neguko arropa bilduko dute Orion, Greziako Lesbos eta Chios uharteetan dauden errefuxiatuentzat. Gaur, ostiralarekin, Orioko Herriko Plazan egingo dute arropa-bilketa; 17:00etatik 19:00etara taxi geltokian izango dira elkarteko boluntarioak..
Ez Itxi Begiak elkarteak neguko kanpaina Zaporeak proiektuarekin elkarlanean martxan jarri du. Izan ere, azaldu dute, Lesbosen 12 mila errefuxiatu daudela eta Zaporeak elkarte soliadarioaren arropa biltegia hutsik dagoela. Bestalde, Chios uhartean 4 mila errefuxiatu daude, baina kopurua handitzen ari da, "astero errefuxiatuz betetako itsasontziak iristen baitira uhartera".
Hotza eta hezetasuna
Haurren, gizonen eta emakumeen neguko arropa bilduko du Ez Itxi Begiak elkarteak Orion. "Neguan hotz handia egingo du errefuxiatu kanpamentuetan eta garrantzitsua da ematen den arropa hotzari eta hezetasunari aurre egiteko modukoa izatea", zehaztu dute. Berokiak, jertseak, galtzak eta neguko soinekoak, oinetakoak, galtzerdiak, txapelak, eskularruak eta barruko arropa jaso nahi dituzte.