Euskaraldiko lantaldeak antolatu du entrenamendua, ‘EUSKARADIA: 11 egun euskaraz’ ekimena zer izango den irudikatzeko helburuarekin: Ahobizi eta Belarripresten arteko elkarrizketak nola izango diren, zein zailtasun izan ditzaketen, horiei nola aurre egin… Hau da: azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den benetako ariketaren simulakro bat egingo da, Ahobizien eta Belarripresten rolak probatzeko eta gero ondo atera dadin prestatzeko.
Ahobizi eta Belarriprest txapen banaketa
Euskaraldian parte hartzeko orain arte izena eman duten guztiak daude gonbidatuta entrenamendura azaltzera. Saioan parte hartzen dutenek aukera izango dute gero Euskaraldian erabiliko dituzten txapak jasotzeko.
Orain arte izena eman ez dutenek bertan egin ahal izango dute horretarako jarriko den mahaian.
Ekitaldi laburra
Ateri bada, oholtza txiki bat jarriko da Antilla tabernaren aurrean, eta ekitaldi labur bat egingo da han. Euria ari badu, berriz, oholtza Herriko Plazan jarriko dute.
Ekitaldian Intza Unanue kantari gazteak eta bere lagunek jarriko dute musika, eta Euskaraldian parte hartuko duten oriotar batzuen iritzi eta testigantzak entzungo dira.