Urteurrena dela eta, azken hilabeteak bereziak izan dira haientzat: Salamancara bidaia ederra egin zuten kontzertua ematera, sanpedroetan La Jodedera taldearekin batera dantzan jarri zituzten herritarrak, itsasertzeko euskal kantak bilduko dituen Biga proiekturako ere egin zituzten grabaketak...
Koruko zuzendaritzatik azaldu dutenez, taldekideak oso gustura daude aurten egin dituzten jarduerekin: Salatxo abesbatzak urtero eman ditu kontzertuak bere sorreratik, baina 2018an, ahal izan dugun neurrian, gauza bereziagoak egiten saiatu gara, 25. urteurrena ospatzeko.
1993an sortu zenetik gaur arte, herritar ugari pasa da korutik, eta beren jardunak ez du etenik izan; hori dela eta, urte guztiotan ia 400 abestiko errepertorioa lantzea lortu dute.
Urteurrena borobiltzeko, kontzertu berezia emango du abesbatzak azaroaren 24an, larunbatarekin. Karela kiroldegian izango den emanaldian, urteotan bidelagun izan dituzten musikari batzuk ere parte hartuko dute, eta kontzertua ederra izango da, koruko zuzendaritzako ordezkariek agindu dutenez. Besteak beste, haiekin izango dira oholtzan Asier Gozategi, Xabier Lizaso, Danbolin musika eskolako ikasleak, Harribil dantza taldeko kideak, Olatz Zugasti eta Joxean Pascual organojolea. Oraindik ez dute programa zeharo itxita, eta beste gonbidaturen baten presentzia ere izateko aukera zabalik dute.
25.urteurreneko kontzerturako Salatxo abeslariak errepertorioa egokitzen ari dira, eta kantu berrienak aspaldi abestu gabekoekin uztartuko dituzte. Azaldu dutenez, musikaz gain ikus-entzunezkoen proiekzioak ere izango dira; batez ere, argazki zaharrak erakutsiko dituzte.
Salatxo herriko hainbat talderekin eta eragilerekin aritu da elkarlanean urte guztiotan. Urteurreneko kontzerturako hilabete baino falta ez denean, emanaldira azaltzera gonbidatu dituzte oriotar guztiak, herri mailako ospakizuna izan dadin.