Euskaraldian izena eman daiteke gaurtik aurrera

Karkara 2018ko ira. 20a, 14:30

Ahobizi rola hartzen duenak euskaraz hitz egingo dio euskaraz dakien nahiz ulertzen duen orori; Belarriprest rola hartzen duenak, berriz, berari euskaraz egiteko eskatuko die denei.

EUSKARALDIA euskararen erabilera areagotzeko ariketa kolektibo bat da, premisa nagusi honetatik abiatuta: euskaldunak beti euskaraz egingo dio euskaldunari eta euskara ulertzen duenari. EUSKARALDIAn parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, ahobizi gisa ala belarriprest gisa.

Asmoa da azaroan 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, konpromiso pertsonalak hartzea bizitzako alor guztietan euskaraz bizitzeko. Ahobizi rola hartzen duenak euskaraz hitz egingo dio euskaraz dakien nahiz ulertzen duen orori; Belarriprest rola hartzen duenak, berriz, berari euskaraz egiteko eskatuko die denei.

Orion izena eman nahi duenak bi aukera dauzka:

  • Online egitea, http://izenematea.euskaraldia.eus/webgunean. Galdetegi labur bat bete behar da. Bi minutu ere ez dira behar dena betetzeko.

  • Beheko estekatik deskargatu daitekeen fitxa bete eta herriko bost toki hauetan jarritako kutxatan utzi (fitxa bost toki horietan ere izango da eskuragarri):
    • Kultur etxea
    • Zaragueta eskola
    • Herri Ikastola
    • Maria Maestra haurreskola
    • Kiroldegia

Elkarteen inplikazioa
Orion EUSKARALDIA antolatzen ari den lantaldeak ahalegin berezia egingo du herriko elkarteengana iristeko, haiek ere EUSKARALDIAn parte hartzea bultzatu dezaten bere kideen artean. Elkarteen papera ezinbestekoa izango da parte-hartze masiboa lortzeko eta, horregatik, lantaldeko kideek banan-banan joko dute berengana, babesa eta laguntza eskatzeko.

Zer egin behar dute elkarteek?
Herriko elkarteei honako hau eskatuko die EUSKARALDIAren lantaldeak izen-emateari begira:

  • Elkarteko kide bat edo batzuk izendatzea ordubeteko bilera bat egiteko, ondo ulertzeko zer den Euskaraldia eta zer egingo den azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean. Bilera horiek egun eta ordu hauetan izango dira: urriaren 4an, 19:00etan eta urriaren 6an, 11:00etan
  • Elkarteko hamalau lagun ‘fitxatu’, publikoki adierazi dezaten Euskaraldian parte hartuko dutela, ahobizi edo belarriprest gisa.
  • Hamalau horien izenak publiko egin, eta elkarteko kideak animatu berek ere izena eman dezaten.
  • Modu paraleloan informazioa banatu elkarteko kideen artean, garbi azaltzeko zer den Euskaraldia, zer den ahobizia, zer belarripresta… eta, beharrezko bada, prestakuntza-saio labur bat antolatu elkarteko kide eta ingurukoentzat.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide