Gaztetxoen artean pilotan jokatzeko zaletasuna sortuz

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2018ko abu. 29a, 14:00

Haritz Lertxundi eta Ibon Aranalde

2018-2019 denboraldian Orioko Pilota Eskolan izena emateko epea zabalik izango da irailaren 10era bitartean. Interesatuek 618952844 telefono zenbakira deitu behar dute inskribatzeko.

Duela urte bete hartu zuten Ibon Aranaldek eta Haritz Lertxundik Orioko Pilota Elkartearen zuzendaritza. Hasieratik, herriko haurren artean pilota sustatzea zen beren helburu nagusia, "azken urtetan Orion pilota guztiz itzalita" zegoela ikusten baitzuten. "Pilota Eskola desagertu zenetik herriko haurrek pilotan jokatzeko gero eta zaletasun gutxiago" zutela uste dute elkarteko arduradunek, eta berriz ere gaztetxoak pilotalekura erakartzeko eta pilotaren munduan murgiltzeko Pilota Eskola sortzea erabaki zuten.

Horretarako lanean hasi zen bikotea. "Gure proiektua Orioko Udalean aurkeztu genuen, eta hasieratik Udalaren babesa eta konfiantza izan dugu", baieztatu dute. Lehen ikasturtean hamabost haur eta gaztetxo izan dituzte Pilota Eskolan, eta 2018-2019 ikasturtean pilotan aritu nahi dutenek zabalik dute izena emateko aukera.

Horrez gain, elkarteko zuzendaritza berria ahalegin berezia egiten ari da herrian haurrenzat pilota txapelketak antolatzeko. San Pedrotako txapelketan esaterako 150 lagun inguruk eman zuten izena. "Orion pilota suspertzeko gogoa badagoela ikusten da, eta oso gustura gaude egindako lana emaitzak ematen ari delako", azaldu du Ibon Aranaldek.

Jolasak eta ariketak
Aranaldek eta Lertxundik jakin badakite kirol eskaintza zabala dagoela gaur egun herrian, eta ez dela lan erraza haurrak pilotalekura erakartzea. "Horregatik, pilota jolas eta ariketen bidez lantzen dugu Pilota Eskolan. Gure helburu nagusia umeek pilotarekin lehen harremana izatea da, pilotan murgiltzea eta frontoiaren ingurunea ezagutzea".

Bestalde, Pilota Eskolaz gain, gaztetan pilotan jokatzen jarraitu nahi dutenek herrian horretarako aukera izatea ere badute helburu. "Gazteak ginenean, guk herritik kanpora joan behar izan genuen federatuta pilotan aritzeko. Hori ekiditeko, pilotari bultzada eman eta gaur egungo pilotari gazteak Orioko Pilota Elkartearen izenean lehiatzea lortu nahi dugu" proposatu dute.

Pilota txapelketak
Infantil mailatik aurrera hasten dira pilotari gazteak lehiatzen, baina Aranaldek eta Lertxundik uste dute txapelketa txikiak garrantzitsuak direla pilotari gazteen artean harra pizteko. "Entrenatzen gustura ibiltzen dira, baina txapelketak  kirolean murgiltzeko pizgarria direla iruditzen zaigu", adierazi du Lertxundik. Garai batean eskualde mailan eskolarteko pilota txapelketa antolatzen zen, baina hainbat urtetan desagertuta egon denez, berriz ere berreskuratzea da oriotarren asmoa. Saiakera modura, "iaz Aiako Pilota Eskolakoekin batera haurrentzat pilota txapelketa antolatu genuen, eta harrera oso ona izan zuen". Ildo horretan, iralaren 8an haurrentzat pilota txapelketa azkarra antolatuko dute Orioko pilotalekuan, eta inguruko herrietako pilotari gazteak parte hartzera animatu dituzte. "Parte-hartzaileek pilotan jokatuz egun polita pasatzea nahi dugu".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide