Badok 13 beteranoen traineruko hainbat arraunlari Parisen izango dira irailaren 15ean, Sena ibaian arraunean aritzeko; tartean dira Juan Anjel Garmendia eta Olatz Mujika oriotarrak. 30 kilometroko estropada modukoa egingo dute bertan, Angeluko Ibaialde Elkarteko traineruarekin batera. Horrez gain, Parisko Euskal Etxera joango dira arraunlariak, eta bertan, joan den urtean Ternuara egindako bidaiako irudiak proiektatuko dituzte.
2017ko udan, Ternuara espedizioa egin zuten arraunean Badok 13ko hainbat kidek. Bertan, Saint-Pierre eta Miquelon uharteak bisitatu zituzten, eta han, Euskal Herritik joandako arrantzaleen oinordekoekin egon ziren. Izan ere, uharte horietako biztanleriaren heren batek euskal arbasoak ditu, eta Edu Mugerza arraunlariak azaldu duenez, bertakoek abizen euskaldunak izateaz gain, frontoiak eta euskal etxeak topa daitezke uharteetan.