Gaur, asteartearekin, Aid El Kebir edo Sakrifizioaren Festa, musulmanen jai nagusia ospatuko da Orion, senegaldar komunitateak antolatuta. Orioko Herriko Plazan egingo dute ekimena, eguerdi partean hasi eta iluntzera bitartean.
Goizaldean errezoan ibili da komunitate musulmana; orain, familiarekin elkartu eta arkume janari ekingo diote. Guretzat zuen Gabon Eguna bezalakoa da gaurko jardunaldia. Urteko ospakizun garrantzitsuenetarikoa da guretzat; familiarekin juntatu, eta festaz gozatzen dugu denok batera, dio Orion orain dela 10 urtez bizi den Quasim Hussainek.
Astou neska gazteak ere arkumearen sakrifikatzearen garrantzia nabarmendu du: Arkumea jan ohi dugu gaur; hiru zatitan mozten dugu; zati bat norberarentzat izaten da, bestea, familia artean banatzen eta, eta hirugarrena, arrazoi bat edo beste tarteko, gaurkoan arkumea jateko aukerarik ez duten musulmanekin partekatzen dugu.
Eguerdi aldera, plazan hainbat ekintza egingo dituzte, iluntzera arte. Herritarrak bertan parte hartzera gonbidatzen dituzte kultura herritarren artean ezagutarazteko; gaurko festa elkarbizitzaren jaia izatea gustatuko litzaiguke, berretsi dute biek.