Gaur, asteartearekin, Aid El Kebir edo Sakrifizioaren Festa, musulmanen jai nagusia ospatuko da Orion, senegaldar komunitateak antolatuta. Orioko Herriko Plazan egingo dute ekimena, eguerdi partean hasi eta iluntzera bitartean.
Senegalen Tabaski izenez ezagutzen da Islamaren jai nagusia, eta Richar Diatta antolatzailearen esanetan senegaldarrentzat egun "garrantzitsua" da. "Senegalen musulmanak eta kristauak elkarbizi gara, eta bi komunitateen arteko harremana oso estua da. Ni kristaua naiz, baina modu berezian bizi du Tabaski Eguna. Izan ere, Senegalen musulmanen festa egunetan, bizilagunek beren ospakizunetara gonbidatzen gaituzte, eta gure jaietan ere inguruko musulmanak etxera gonbidatzen ditugu edo egun horretarako prestatzen diren jakiak banatzen dizkiegu". Herriko senegaldarrek ohitura hori Oriora ekarri nahi dute, eta jatorri desberdinetako herritarrak Tabaski festan parte hartzera gonbidatu dituzte. "Herriko apaiza eta meskitako imana ere gonbidatu ditugu jaialdira".
Diattaren esanetan festak bi helburu nagusi izango ditu. "Alde batetik, senegaldarron kultura herritarren artean ezagutarazi nahi dugu, eta bestetik Tabaski festa elkarbizitzaren jaia izatea gustatuko litzaiguke". Beraz, gaurko festan parte hartzera gonbidatu dituzte oriotarrak, "herritar guztiak izango dira ongi-etorriak".