Atzo, hilak 14, izan zen Gipuzkoako kostaldeko udalen, Gurutze Gorriaren eta ELA sindikatuaren arteko bilera, 16:00etan Lan Ikuskaritzan. Bertan hitzarmen bat adostu zuten, eta gaur berretsi egin dute sorosleek. Beraz, bertan behera utzi dute gaurko iragarrita zuten greba mugagabea. Hau guztia azaltzeko, prentsaurrekoa eman dute goizean, Donostian.
Adostutakoaren arabera, sorosleek lanean daramaten denboraren araberako antzinatasun plusa kobratuko dute laugarren urtetik aurrera, eta froga fisikoak gainditzen dituzten langileak subrogatuko dituzte. Sorosle lanetan aritzen diren lehen urtean hilero 200 euroko igoera egingo zaie, eta 400 eurokoa bigarrenean.
ELA sindikatuak ontzat eman du akordioa, eta sorosleek ere gaur onartu dute. Beren partetik, udalek konpromisoa hartu dute adostutako puntu guztiak lan hitzarmenean jasotzeko.