Ekainean eta uztailean guztira 2.222 osasun laguntza egin dira Gipuzkoako hondartzetan, Gurutze Gorriak azaldu duenez. Artatu diren osasun laguntza gehienak zauri eta mozketen ondorioz izan dira (1.027), ondoren xabiroi ziztadak (342), intsektu ziztadak (171) eta, gero, kontusioak (161). 106 erreskate egin dira, 2017an baino 66 gutxiago, eta 115 pertsona eraman dira osasun zentroetara. Erreskate gehienak Zarauzko hondartzan (53), Zumaiako Itzurun hondartzan (11) eta Orioko hondartzan (11) egin dira.
Era berean, elkarteak nabarmendu du orokorrean osasun laguntza eta erreskate kopurua jaitsi arren, pertsona galduen igoera eman dela: 155 pertsona galdu dira hondartzetan, joan den urtean baino 21 gehiago.