Aitana eta Ana Guerra, Orioko 'Los 40 Summer Live' musika jaialdiko kartel buruak

Karkara 2018ko abu. 3a, 13:23

40 Principales kateko koordinatzailea, Arkupeko hainbat kide eta herriko alkatea, 'Los 40 Summer live' jaialdia ospatuko den eremuan.

40 Principales irrati kateak antolatu du abuztuaren 8an Orioko hondartzan egingo den jaialdia, Udalaren eta Arkupe merkataritza eta ostalaritza elkartearen laguntzarekin. Kontzertuak arratsaldeko 20:30ean hasiko dira. Egun horretarako Arkupek beste zenbait jarduera antolatu ditu, hala nola, zozketak, pintxo bereziak, edota kaleak girotzeko txaranga.

Musika izango da protagonista Orion datorren asteazkenean, abuztuaren 8an. Herriko dendei eta tabernei bultzada bat emateko helburuarekin, 'Los 40 Summer Live' jaialdia antolatu du 40 Principales kateak, Orioko Udalaren eta Arkupe herriko merkatari eta ostalari elkartearen babesarekin.

Gaur, ostirala, hilak 3, Orioko kanpinean egin den aurkezpenean, Mola Molako Ainoa Irazustak, Arkuperen izenean, merkataritza taldeak egun horretarako abian ipini dituen ekintzak zerrendatu ditu: Egun berezi honetarako Baleatxo izeneko pintxoa sortu dugu eta herriko hainbat tabernetan izango da salgai; zehazki, Antillan, Gure Txokon, Salatxon, Sukian, Aterpen, Boga-Bogan, Galernan, Arkaitzen eta Barakan. Balea pintxoa dastatzen dutenen artean, herriko dendetan gastatu ahal izateko 50 euroko balioa duten txartelak zozketatuko dira.

Jose Angel Zaldua Orioko alkateak, bere aldetik, jai giroan jarduteko, musika ezinbestekoa denez -nabarmendu du- jaialdia hasi baino lehen arratsaldeko 18.00etatik 20:00etara Jainekin Txaranga ibiliko da herriko kaleak alaitzen. Iluntzean, giro paregabea izango hondartzan, 20:30etik aurrera. Hondartzako biribilgunearen eskuinaldean dagoen eremuan ipiniko da agertokia, itsasalderantz begira. Festa bermatua izango dugu, gehitu du alkateak.

Orio izango da Euskal Herriko geldiune bakarra
'Los 40 Summer Live' jaialdiak Espainiako hainbat hiri bisitatu ditu. 40 Principales kateko Gipuzkoako koordinatzaileak, Olga Grandek, esan du Orio izango dela Euskal Herrian egingo den geldiune bakarra. Maila goreneko musikariak egongo dira Orioko hondartzan, arrakasta izugarria izaten ari direnak: Aitana eta Ana Guerrra kartel buru izango dira; Juan Magan, Bombai, Ana Mena, Reiko eta Dani Menak osatzen dute kartela. Gonbidatu gida, Jon O. Lander eta David Alvarez DJ-a izango dira. 

Autobus zerbitzu bereziak
Datorren asteazkeneko musika jaialdirako, autobus zerbitzu bereziak egongo direla azaldu dute aurkezpenean. Zehazki, Zumaia eta Donostia N634 errepidetik batzen dituen Lurraldebus-eko  autobusaren maiztasuna indartu eta ordutegia zabalduko da. Oriora etorri nahi duen orok arazorik izan ez dezan autobus zerbitzua zabaldu dugu. Informazio gehiago eskuragarri dago Udaleko webgunean, azaldu Orioko Alkateak. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide