Lan baldintzak hobetzeko borrokan jarraitzen dute hondartzako sorosleek

Karkara 2018ko uzt. 31a, 16:10

Orioko hondartzan hainbat pankarta jarri dituzte sorosleek greba deialdia jakinarazteko

Hiru eguneko lanuztea hasi zuten igandean Orion, Gipuzkoako beste hainbat hondartzetan bezala.

Protestan ari dira egunotan Gipuzkoako hondartzetako sorosleak. Hiru eguneko greba hasi zuten igandean Orioko Gurutze Gorriko langileek, eta herritar askok sorosleen aldarrikapenari babesa ematen diote; Orion esaterako sinadura bilketarekin jaso dute sorosleek herritarren atxikimendua.

Orioko langile guztiek egin dute bat lanuztearekin, baina administrazio publikoak ezarritako %80ko gutxieneko zerbitzuak ematen ari dira hondartzan. Kopurua “gehiegizkoa” dela uste dute ELA sindikatutik, baina zerbitzu horiek eman behar direla jakinarazi dute. Dena dela, bandera gorria jarri dute sorosleek egunotan hondartzan, ezarritako gutxiengo zerbitzuen ondorioz ohikoak baino sorosle gutxiago ari direlako lanean. Hala, bainua hartzera uretara sartu direnei kontuz ibiltzeko eskatu diete bandera horren bidez.

Udalak, hitz egiteko prest
Gurutze Gorriak kudeatzen ditu Gipuzkoako hondartza guztiak, tokian tokiko udalak azpikontratatuta. Eskualdeko udalek sindikatuarekin hitz egiteko prestutasuna agertu dutela dio ELA sindikatuko ordezkariak; hala ere, ez dute Gurutze Gorriaren deirik jaso.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide