Lehengo asteburuan zehar, Gipuzkoako surf eta bodyboard txapelketak jokatu ziren Donostiako Zurriola hondartzan. Unai Zubizarreta Xubi oriotarrak bodyboard modalitateko kategoria nagusian parte hartu zuen, eta bigarren postua lortuta itzuli zen etxera.
Finala oso lehiatua izan zen, eta Zubizarretari azken segundoetan alde egin zion garaipenak. Olatu eskasak izan zituzten egun osoan zehar, eta tarteka, barealdi nabarmenak izan ziren. Zubizarreta 5 eta 5,5 puntuko bi olaturekin aurretik jarri zen, eta Yeregik gutxienez 6 puntuko olatua behar zuen irabazteko. Finala bukatzeko 30 segundo falta zirela, zumaiarrak olatua hartu eta 7,17ko puntuazioa lortu zuen, txapela eskuratuz.