Hamabi urtez harri-jasotzen aritu ondoren, txapelketak uztea erabaki du Idoia Etxeberria harri-jasotzaileak. Atzo irabazi zuen azken txapela Usurbilen, Euskadiko Emakumezkoen Harri-Jasotze Txapelketa hain zuzen ere. Garaipena lortu ondoren atzokoa azken txapelketa izango zuela jakinarazi zuen Etxeberriak. "Erakustaldiak ematen jarraituko du irailera arte, hainbat saio aspalditik hitzartuta baititut".
Hamalau urte bete gabe zituela eman zuen lehen erakustaldia Idoia Etxeberriak, eta "nekatu egin" dela aitortu du oriotarrak. "Nik beti pentsatu izan dut kirola disfrutatzeko egin behar dela, eta azkenaldian ilusioa galdu dut. Horrez gain, lesioekin ere gora-beherak izan ditut, eta hiru hilabetez geldirik egon behar izan dut. Azkenean, asko pentsatu eta gero, uzteko garaia dela erabaki dut", azaldu du Idoia Etxeberriak.
Harri-jasotzea atsegin duten zaletu askori ezustean harrapatu die harri-jasotzaile oriotarraren erabakiak. "Hunkituta etorri zitzaizkidan lagun asko harri-jasotzea utzi behar nuela jakin zutenean. Dena dela, denek errespetatu dute nire erabakia, eta babestuta sentitu naiz, beste behin".