Seigarren sailkatu da Orioko gizonezkoen txalupa, Eusko Label Ligako lehen estropadan

Karkara 2018ko eka. 25a, 10:45

Orioko traineru nagusia Bilboko estropadan. (Maider Celada/Eusko Label Liga)

Larunbatean Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen txalupa bigarren postuan helmugaratu zen ETE Ligako bigarren jardunaldian.

Asteburuan traineru estropaden sasoian bete-betean murgildu ziren Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak. Gizonezkoen traineru nagusiak Eusko Label Liga abiatu zuen atzo Bilbon jokatu zuten estropadan. Erlojuaren aurkako estropada izan zen, eta arraun taldeek indartsu daudela erakutsi zuten ligako lehen norgehiagokan.

Oriok ohorezko txandan jokatu zuen, Kaiku, Urdaibai eta Hondarriaren aurka, eta oriotarrek lan ona egin bazuten ere, seigarren postuan sailkatu zen trainereru horia, 19:43,80 denbora eginda. Orioko arraunlari Josu Indok azaldu duenez, "ezustekoa" izan zen igandeko emaitzak.  

Urdaibaik irabazi zuen ligako lehen bandera, eta Mikel Orbañanos oriotarrak zuzentzen duen Hondarribia bigarren sailkatu zen. Dena dela, lehia estua izan zen traineruen artean; izan ere, lehen zazpi traineruak 11 segunduren bueltan helmugaratu ziren. Ezustekoa eman zuten iaz play off-a irabazi eta Eusko Label Ligan estrainatu diren bi ontziek, Santurtzik eta Donostiarrak, hirugarren eta bosgarren postuan sailkatu baitziren, hurrenez hurren. Josu Indoren esanetan "denborei dagokionean estropada estua izan zen. Bederatzi segundo atera zizkigun Urdaibaik. Berez ez dira segundo asko, baina tartean traineru asko sartu ziren, eta ondorioz puntuak galdu ditugu". Hala ere, hurrengo estropadetan emaitza hobea lortzeko esperantza du arraunlari oriotarrak. "Atzoko estropada ibaian izan zen, eta horrelakoetan txanda batetik bestera aldeak egon ohi dira. Hurrengo estropadetan gure maila erakutsiko dugula uste dugu".

Emakumezkoak bigarren
Larunbatean Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen txalupak Donibane Lohitzunen jokatu zuen ETE Ligako bigarren estropada. Orioko emakumezkoen trainerua bigarren postuan helmugaratu zen, San Juanengandik 13,52 segundora. Donostiarra sailkatu zen hirugarren, eta Hondarribiako txaluparentzat izan zen laugarren postua.

Bestalde, Orioko gizonezkoen B ontziak Elantxoben jokatu zuen KAE 2 Ligako bigarren jardunaldia, eta oriotarrak laugarren postuan sailkatu ziren Getxo, Camargo eta Santoñaren atzetik. Hala ere, aurreko asteburuan Bermeon hirugarrenak izan zirenez, hirugarren postuan sailkatuta dago Orio B KAE 2 Ligako sailkapen nagusian.

Orioko zortzikoa Espainiako txapelduna
Bestalde, olinpiar erako arraunketan emaitza bikainak lortu dituzte oriotarrek, asteburuan. Orio Arraun Elkarteko zortzikoak Espainiako aulki mugikorreko txapelketa irabazi zuen larunbatean Banyolesen. Txapelketa hori 2005an irabazi zuten azken aldiz herriko estropalariek. 

Horrez gain, Javier Puertas oriotarra ere podiumera igo da aurtengo Espainiako Txapelketan, 66 urterekin. Beterano mailan, skiff-bakarkako modalitatean brontzea lortu du Puertasek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide