Gipuzkoako dardo txapelketa irabazi du Joseba Unanuek

Karkara 2018ko eka. 21a, 17:30

Samuel Lazkano oriotarra laugarren postuan sailkatu zen txapelketan.

Pasaden ekainaren 17an Donostiako Añorga auzoan Gipuzkoako bakarkako dardo txapelketa jokatu zen. Ehun bat dardo zale bildu ziren hitzorduan txapela eskuratzeko prest, tartean ziren Orioko jokalariak, Kala-Kari eta Aurrera tabernako kideak. 

Master mailan urrezko domina eta txapela irabazi zuen Joseba Unanue, Aurrera tabernako jokalariak. Dardo jokalari oriotarrak azaldu duenez, "urtero goraka doa gipuzkoarren maila, eta gero eta zailagoa txapela irabaztea". Finala aurtengo MVP-aren aurka jokatu zuen Unanuek, Jorge Cid lasartearraren aurka, eta final estu  baten ondoren 2-1 emaitzarekin gailendu zen Orioko jokalaria. 
 
Bestalde, Samuel Lazkano oriotarra laugarren postuan sailkatu zen txapelketan; maila horretan parte hartzen duen bere lehen aldia izan da.
 
Amateur mailan Iker Uranga oriotarrak ezin izan zuen domina eskuratu. Izan ere, final erdia galdu ostean laugarren postuarekin konformatu beharra izan zuen.
 
Azkenik, 2018 MVP sariak banatu ziren, eta Aurrera taldeko Yolanda Fernandez izan zen saritua emakumezkoen mailan. Izan ere Fernandezek selekzioarekin brontzezko domina lortu du, eta Espainia mailako sailkapenean emakumezko hamar jokalari onenen artean sailkatu da. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide