Aurten kontzertu mordoa antolatu dituzue ikasturte amaierarako. Zer dela eta?
Entzunaldiak ikasturteari amaiera emateko egiten ditugu, eta musika-tresnaka antolatzen ditugu. Irakasle bakoitzak erabakitzen du zer motatako kontzertua egingo duen eta non izango den. Musika-tresnaren bat jotzen duten ikasle gutxi badaude, beste instrumentu bat jotzen duten ikasleekin batera egiten dute saioa. Atzo adibidez, eskusoinuko eta flautako ikasleek eman zuten kontzertua.
Horrez gain, irakasle bakoitzak erabakitzen du kontzertuak zer izaera izango duen. Biolineko kontzertua esaterako taldekoa izaten da, ikasleek urtean zehar egin duten talde lana erakustea baitu helburu. Aurten gainera, Zumarraga-Urretxuko talde bat etorri da, eta elkartruke antzeko bat egin dute Arraunetxean. Beste batzuk berriz klasean zer lan egiten den erakusten dugu. Nik txistu eskolak ematen ditut, eta txistulariok jendaurrean taldean jotzeko aukera asko izaten dugunez, ikasturte amaierako kontzertuan ikasturtean zehar egindako bakarkako lana erakusten dugu nagusiki, eta saiatzen gara jaietan entzuten ez diren kantuak interpretatzen.
Zer moduzko harrera izaten dute entzunaldiek herritarren artean?
Kontzertu irekia dira, baina normalean ikasleen gurasoak eta familiartekoak etortzen dira. Kontzertu horiek ez dute jendea erakartzean, eta egia esan ez ditugu helburu horrekin antolatzen. Herritarrak erakartzeko Danbolin Fest eta horrelako jaialdiak egokiagoak baitira.
Kontzertua entzutera joaten diren gurasoak oso kontentu ateratzen dira, baina esan beharra dago ikasleei ez zaiela gehiegi gustatzen kontzertuak prestatzea.
Jendaurrean jotzea beraz ez zaie erraza egiten ikasleei?
Ikasleak ikasturte amaieran oso nekatuta egoten dira. Kontutan hartu behar da gaur egungo ikasleek eskolaz kanpoko jarduera mordoa egiten dituztela, eta ikasturte amaierara oso nekatuta iristen dira. Bestalde, ikasleei gogorra egiten zaie jendaurrean jotzea. Ni neu saiatzen naiz ikasleen artean jendaurrean jotzeko zaletasuna sustatzen. Gainera, pieza bat kontzertu baterako prestatzen denean gehiago lantzen dute, xehetasunetan erreparatzen dute eta abestia perfekzionatzen saiatzen gara. Beraz, beraientzat oso aberasgarria da ikasturtean zehar ikasitakoa kontzertuetan erakustea.