Traineru denboraldia 2018

Orioko emakumezkoen txalupa garaile Portugaleten, I. E.T.E banderan

Karkara 2018ko eka. 18a, 10:25

Orioko estropalariek garaipen berezia lortu zuten atzo goizean Nerbioi ibaian. Bestalde, gizonezkoen lehen txalupa bigarren sailkatu zen San Juanen jokatutako II. FEGEMU banderan; bigarren ontziak, hirugarren postua lortu zuen ARC Ligako lehen jardunaldian.

Oria Arraun Elkarteko emakumezkoen txalupak bandera irabazi zuen atzo, Portugaleten jokatutako estropadan. Helmugan lehen ontzia San Juan izan arren, pasaitarrek epaileen zigorra jaso zuten, ziabogan Hibaikarekin izandako arazo batengatik, eta oriotarrentzat izan zen garaipena. Estropadako sailkapen orokorrean, Oriok 11:10,61 denborarekin irabazi zuen bandera, eta San Juan bigarren sailkatu zen: hiru segunduko zigorrarekin 11:13,14 denbora lortuz.

Asteburuan beste bi estropada ere jokatu zituzten Orio AEko traineruek. Gizonezkoen txalupak TKE Liga hasi aurreko azken testa izan zuen Pasaian. Estropada Urdaibaik irabazi zuen, eta oriotarrak bigarren sailkatu ziren, 3,68 segundora.

Bigarren txalupak hirugarren postua lortu zuen Bermeon jokatutako ARC Ligako ligako lehen jardunaldian. Getxok irabazi zuen bandera, Donostiarra izan zen bigarren, eta Orio hirugarren, irabazlearengandik 7,31segundora.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide