Ramadaneko baraualdia amaitzeko otordu irekia antolatu dute emakume musulmanek

Karkara 2018ko eka. 13a, 16:14

Orioko Herriko Plaza hartuko dute, eta jaki arabiarrak prestatuko dituzte afaritarako. Ramadana zer den gertutik ezagutzera gonbidatu dituzte herritarrak. 

Ramadaneko baraualdiari amaiera emateko, otordu irekia antolatu dute Orioko eta Zarauzko emakume musulmanek biharko. Orioko Herriko Plaza hartuko dute, eta jaki arabiarrak prestatuko dituzte afaritarako. Ramadana zer den gertutik ezagutzera gonbidatu dituzte herritarrak. 

Ghariba El Ghailaniren hitzetan, herenegun otu zitzaien otordu irekia antolatzearen ideia: "Lagun batekin hizketan egon ginen, eta ea zer jaten eta edaten dugun galdezka aritu zen". Urtero galdera berdinak entzuten dituztela dio, eta beraien kultura eta erlijioa ezagutzera emate aldera antolatu dute afaria. Hiru egunean lotu dituzte otordua antolatzeko beharrezkoak ziren kontu guztiak: "Orioko eta Zarauzko emakumeekin kontaktuan jarri ginen, eta begi onez ikusi zuten proposamena. Bakoitzak etxean prestatutako jaki marokoar tradizional bat eramango du afarira".   

Haurrak dituztenez, plazan bertan antolatzea egokia ikusi zuten: "Gure haurrak ondo sentitzea nahi dugu, eta ez diskriminatuta". Hala ere, herritarrak gerturatzea da jarri duten helburua: "Ez gara asko ikusten eta ederra da guretzat denok elkartzea, baina gehiago pentsatu dugu herritarrengan. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide