Ainize Sarasolak bere lehenengo film luzea aurkeztuko du bihar

Karkara 2018ko eka. 7a, 15:30

Orion sortu zen Ainize Sarasola, eta Berlinen bizi da gaur egun. Adierazpen artistiko ezberdinetan murgilduta dabil: 'Killing Time' luzemetraia aurkeztuko du bihar Tabakaleran, arratsaldeko 20:00etan, eta ekainaren 11tik aurrera (astelehena), bere lan baten erakusketa izango da Dabadaban.

Zer kontatzen du bihar aurkeztuko duzun filmak?
Filma komedia bat da. Lehenago film labur batzuk egin nituen, baina nire lehenengo film luzea da. Pertsona talde bat taberna batean giltzapetuta gelditzen da arrazoi batzuengatik, eta hor detektibe film baten itxura hartzen du. Istorio narratibo bat da, bere hasiera, oztopo eta amaierarekin. 

Zuzendari lanak egin dituzu zuk. Lan-talde handia egon da filmaren atzean?
Bost aktore nagusi daude, eta gero lan-talde teknikoa ere bai. Batzuk profesionalak dira, eta beste batzuk nire ingurukoak. Oso ekipo txikiarekin egin dugu filma. Eusko Jaurlaritzaren beka bat eman zidaten, eta oso aurrekontu txikiko lan bat da. 

Orio agertzen al da filmean?
Badaude gauza batzuk, belardiak eta. Baina batez ere, Berlinen grabatu dut. 

Ekainaren 11tik aurrera, erakusketa bat ere jarriko duzu Dabadaban. 
Erakusketa txiki bat da, bai. Lagun bat dut, Donostian lokal bat izan zuena, Tabakaleraren parean. Galeria txiki baten antzekoa zen. Orain Dabadabarekin hasi dira lanean, eta artistak bilatzen aritu dira, erakusketak bertan jartzeko. Nire lagun batek erakusketa jartzeko aukera eman zidan, eta nik autoeditatzen dudan fanzine baten hirugarren zenbakiko murala jarriko dut.

Zein eduki ditu fanzineak?
Hiru atera ditut bost urtean. Egiten ari nintzen marrazkiak erakusteko hasi nintzen egiten. Atera ditudan guztiak oso ezberdinak dira elkarren artean. 

Adierazpen artistiko ezberdinetan egiten duzu lan. 
Egia esan oso gauza ezberdinak dira. Filma zinemaren adarretik gertuago dago. Hala ere, antzekoa da guztia, nik egiten dudalako. 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide