Olaberriari eta Zubeldiari emango diote Mirotza saria, Garagardo Azokan

Karkara 2018ko mai. 31a, 09:00

Bihartik igandera bitartean ospatuko dute Orion OAEk seigarrenez antolatutako Garagardo Azoka .Askotariko ekitaldiak izango dira asteburuan azokaren bueltan.

Bihar hasi eta igandera bitartean ospatuko dute Orio Arraun Elkarteak antolatutako 6. Garagardo Azoka. Askotariko ekitaldiak izango dira asteburu osoan zehar. Bihar arratsaldeko 19:00etan egingo dute irekiera ekitaldia, ohi bezala, Mirotza saria emanez. Herriko Plazan jarriko dute karpa. 

Erretiroa hartu berri duten Leire Olaberria eta Haimar Zubeldia txirrindulariei emango diete aurten saria. Iaz erretiratu zen Zubeldia, 20 urtetik gora profesionala izan ondoren. Olaberriak, aldiz, duela bi urte eskas hartu zuen erretiroa; baina lehiara itzuli zen zortzi hilabete beranduago, Gipuzkoa Ogi-Berri taldearekin. Bi txirrindularien ibilbideari aitortza bat egin nahi diete OAEko kideek.  

Garagardo Azoka herrian «finkatuta» dagoela uste dute OAEko kideek. Ekimenaren bitartez, herritarrengana «gerturatu» nahi dute, elkartearentzat etekin ekonomikoa ateratzeaz gain. 

Garagardo bereziak dastatzeko aukera izango dute bertan herritarrek. Edariaz gain, jaki alemaniarrak ere prestatuko dituzte, bertan jan edo norberak bere etxera eramateko. Besteak beste, txerri ukondoa, saltxitxak eta patata purea emango dute otorduetan. Ondoren musika taldeen emanaldiak izango dira, eta 01:00ak arte luzatuko dute festa.

Larunbata izango da egun indartsuena. Goizeko 11:00etarako irekiko dute karpa, eta Easo Motor desafioarekin emango diote hasiera egunari. 18:00etan, Gipuzkoako Aulki Mugikorreko arraunketa olinpikoko lerroz lerroko txapelketa izango da Oria ibaiko uretan. 1.500 metroko ibilbidea egingo dute jubenilek, kadeteek eta absolutuek; infantilek eta beteranoek, 1.000 metro egingo dituzte arraunean. Festan jarraituko dute gero, Fan&Go erromeria taldearekin. 

OAEk eskerrak eman nahi izan dizkie Orioko Udalari, Murgil Eraikuntzak eta Zipril Edariak enpresei eta Babyauto arraun elkartearen babesleari.

Euskaraldiaren hamalaukoa aurkeztuko dute
OAEk urtero antolatzen duen Garagardo Azoka baliatuko dute Orioko Euskaraldiaren lantaldeak hamalaukoaren aurkezpen ekitaldia egiteko. Herriko Plazan izango da, ekainaren 2an,etzi, 13:00etan hasita. Bertan jakinaraziko da nortzuk osatzen duten Orioko Euskaraldiaren hamalaukoa.

Orion Euskaraldia antolatzen ari den lantaldeak erabaki du ekimenaren aurpegia osatuko dutenen taldea ez izatea hamaika lagunekoa, baizik eta hamalaukoa. Traineru bat osatzea, alegia, patroi eta guzti. 

Orioko hamalaukoa herriko hamalau lagunek osatuko dute, Euskaraldian ahobizi edo belarriprest izatea erabaki dutenak. Beren erabaki hori publiko eginez, gainerako herritarrak animatuko dituzte parte hartzera eta, nolabait, ekimenaren enbaxadore eta bistako aurpegia izango dira Orion, Euskaraldiaren berri emanez. Bestalde, lau orduko prestakuntza-saioa egingo duteegun berean, goizez, hizkuntza-ohiturak aldatzeko prozesuei buruz.

6. Garagardo Azoka
Ekainak 1, bihar.
19:00. Irekiera ekitaldia. Mirotza saria emango dute . 
21:30. Bide Batez taldea. 

Ekainak 2, etzi.
11:00. Easo Motor desafioa. 
18:00. Aulki Mugikorreko Gipuzkoako txapelketa. 
Ondoren, Fan&Go taldea. 

Ekainak 3, igandea
18:30. Berdin-Berdinak taldeko arraunlarien aurkezpena. 
19:00. The Willow taldearen emanaldia.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide