Orioko Udalak deituta, atzo iluntzean bilera irekia egin zen kultur etxean. Gaiak azken asteetan herrian izan duen oihartzuna kontuan hartuz, espero bezala, herritar asko izan zen bileran. 80 lagun inguru juntatu ziren, Udaleko alderdi ezberdinetako ordezkariak barne.
EAJ-PNV-ko Eugenio Cotado zinegotziak izan zuen saioa gidatzeko ardura. Bilkura hasi bezain pronto, herritarrek berehala ekin zioten iritzi ezberdinak plazaratzeari. Udaleko alderdi ezberdinetako zinegotziek ere eman zituzten beren argibideak. Ordu eta erditik gora luzatu zen saioa.
Cotadok adierazi zuenez, datozen bi asteetan batzorde informatiboa deituko du atzo bildutako iritziak aztertu eta alderdien artean erabakia hartzeko. Hurrengo bi asteetan ekitaldiak programatuta daudenez, plazak ibilgailuentzat itxita jarraituko du asteburuetan. Beraz, hartuko den erabakia ekainaren 2ko asteburuan jarriko litzateke indarrean.