Musika eskolak antolatutako Danbolinfest astea ospatuko dute Orion

Karkara 2018ko mai. 8a, 17:00

2. eta 3. kurtsoetako ikasleen kontzertuak izango dira bihar eta etzi. Larunbatean ospatuko dute egun handia, Herriko Plazan.

Musika eskolak antolatuta, Danbolinfest jaialdia ospatuko dute ikasleek aste osoan zehar. Tailerretako ikasleen kontzertuak eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioko ikasleen emanaldia izango dira astean zehar, eta egun osoko festa ospatuko dute larunbatean.

Astelehenean, maiatzaren 7an, 1. kurtsoko ikasleek emanaldia eskaini zuten; eta 2. eta 3. kurtsokoen kontzertuak izango dira bihar eta etzi; 17:30ean Kultur etxean. Ikasleen kontzertuaren ondoren, etzi, Francisco Escudero Donostiako musika kontserbatorioko ikasleen emanaldia izango da Kultur etxean.

Nolanahi ere, larunbaterako, maiatzaren 12rako, gordeko dituzte indarrak Danbolin musika eskolako ikasleek. Goizeko 11:00etarako hasiko dituzte emanaldiak Herriko Plazan, 2. mailako instrumentuko taldeen kontzertuarekin. Jarraian, 3. mailako ikasleek osatutako konboen emanaldia izango da, leku berean.  

Halere, ez dira musika eskolak soilik oholtza gainera igoko: eguerdian, 13:30ean, dantzako ikasleak izango dira Herriko Plazan; eta bazkalordura bitarteko saioa eskainiko dute.

Segidan, musika eskolako ikasleek bazkaria izango dute. Arratsalderako karaokea antolatu dute, eta ordu berean, txokolate-jana prestatuko dute ikasleen kantu emanaldia plazatik bertatik ikusi nahi dutenentzat.   
Ospakizunari amaiera emateko, arratsaldeko 17:30ean MartxanGo taldeak erromeria eskainiko du; eta iluntzera arte luzatuko dute festa.

Danbolinfest

Maiatzak 9, bihar
17:30. Tailerreko 2. kurtsoko ikasleen kontzertua, Kultur etxean.

Maiatzak 10, etzi
17:30. Tailerreko 3. kurtsoko ikasleen kontzertua, Kultur etxean.
19:00. Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioko ikasleen kontzertua, Kultur etxean.

Maiatzak 12, larunbata
11:00. 2. mailako instrumentuko taldeen kontzertua, Herriko Plazan.
12:00. 3. mailako ikasleekin osatutako konboen emanaldia, Herriko Plazan.
13:30. Dantzako ikasleen saioa, Herriko Plazan.
14:15. Musika eskolakoen bazkaria, Herriko Plazan.
16:00. Karaokea eta txokolate-jana, Herriko Plazan.
17:30. Erromeria MartxanGo taldearekin, Herriko Plazan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide