Berriz Ave Maria baporeko arrantzale bat hil da bart gauean itsasoan, Santandertik milia gutxitara, lanean izandako ezbeharraren ondorioz. Orioko Kofradiak adierazi duenez, Castrokoa da zendu den 55 urteko gizonezkoa. Dirudienez, gauean sarea lehen aldiz uretara botatzen ari zirenean gertatu da istripua. Arrantzalea uretara erori da, eta azaldu dutenez, itsasoan sare artean ito da. Tripulazioko kideek lortu dute langilea baporera igotzea, baina ordurako hilda topatu dute. Santanderko portura eraman dute gorpua.