Orioko Bate Bizkorrak Sant Boi taldeari gailendu zitzaion asteburuan

Karkara 2018ko mai. 8a, 10:04

6-8 eta 1-5 emaitzarekin irabazi zuen OBBk Bartzelonan jokatutako Ohorezko ligako partida.

Orioko Bate Bizkorak softbol taldea Bartzelonan izan zen asteburuan, Espainiako Ohorezko ligako zazpigarren jardunaldia jokatzen. Sant Boi izan zuten aurkari.

Lehen partida gaizki hasi zuten oriotarrek, eta kataluniarrak 6-1 emaitzarekin aurreratu ziren. Jarraian, OBBk 7 puntu lortu zituen eta buelta eman zion markagailuari, partida 6-8 irabaziz.

Bigarren partida oso orekatuta hasi zen, eta taldeek ez zuten punturik lortu pilota jaurtitzaileen lan onaren ondorioz. 4. txandan, jokalari oriotar batek golpe ona jo zion pilotari, eta bi puntu lortu zituen. Hortik aurrera, OBB aldea hartzen joan zen markagailuan, eta 1-5 emaitzarekin irabazi zuten partida oriotarrek.

Nabarmentzekoa izan zen Kelly Lobato pilota jaurtitzaileren lana, 18 strikeout lortu baitzituen. Maria Caicoyak eta Uxua Modregok ere partida bikainak jokatu zituzten.

Zazpigarren jardunaldian lortutako garaipenari esker, sailkapen orokorreko laugarren postuan da Orioko Bate Bizkorrak taldea. Hurrengo partida etxean jokatuko dute, Projecte Gavá-ren aurka.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide