Najat Kaanache, jatorrizko produktuak eta emakumeen ahalduntzea nazioarte mailan sustatzen

Karkara 2018ko api. 5a, 14:16

Orion jaiotako sukaldariak espainiar egunkari bati eskainitako elkarrizketa batean nabarmendu du Orion eta Euskal Herrian ikasitakoak bere ibilbide profesionala markatu duela.

Joan den martxoan Segovian egindako Mundua Eraldatzen duten Emakumeen III. Topaketan hartu zuen parte Orion jaiotako Najat Kaanachek, berak sortutako Six Ingredients egitasmoa aurkeztuz. Bere esanetan, ekimen horren helburua produktuen jatorria bost zentzumenekin babestea da, Moroko eta Euskal Herria bezalako herrialdeak erreferentziatzat hartuz.

Kaanachek Orion jaio zela azpimarratzen du; euskal sukaldaritzak beregan izan zuen eragina ere nabarmentzen du artikuluan. Bere ustez, jateak arazo mordoxka konpontzen du, funtsezko sendabide bat da eta jendarteko elkar maitatzea sustatzen du. Niretzat mahaian esertzea ekintza sakratu bat izan da betidanik. Gogora ekartzen du, txikitan, Orion bizi zenean, eskolatik etxera iritsi bezain pronto, bere amak prestatutako kuminoarekin egindako dilistek sortarazten zuten lurringaia usain paregabea.

Kaanache, Michelin izardun jatetxeetan lan egin ostean, mundutik bidaiatzeari ekin zion, gizaki bakoitzak bere lurrarekin janariaren bitartez duen lotura ezagutzeko. Gaur egun Morokoko Fez hirian duen Nur jatetxean, bidai horietan ikasitakoa praktikan jarri ez ezik, Six Ingredients egitasmoaren oinarriak hartzen ditu ardatz modura bere jardunean: nekazaritza, teknologia, hezkuntza, giza eskubideak, ingurumena eta janaria uztartuz, tokiko produktuak babestu eta sustatzea dut helburu, beti ere, seigarren osagarri bat kontutan hartuz: gizartearekiko kontzientzia.

Kontzientzia eta giza konpromiso horren harira, Orion jaiotako sukaldariak aitortzen du emakumeen ahalduntzean egiten duen lanak asebetetzen diola gehien: Egun 15 emakumek dihardute Fez-eko jatetxean lanean. Bultzada bat behar dute, kontura daitezen gizonen eskubide eta gaitasun berberak dituztela.

Artikulua irakurgai, hemen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide