Okupazio oso altua izan dute Aiako nekazalturismoek Aste Santuko bost egunetan; 100%ekoa, hain zuzen ere. Hori adierazi diote KARKARARI bost ostatalekutako langileek. Espainiar jatorrikoak izan dira jaso dituzten turista gehienak.
Iturraranen 1527 bisitari izan dituzte bost jaiegunetan; zifra ona da, baina bertakoen arabera, iazkoa baino zertxobait txikiagoa. Espainiarrez gain, euskaldun ugarik ere bisitatu dute Pagoeta parke naturaleko parketxea.
Bestalde, Itzulia Basque Country txirrindulari lasterketa dela-eta, jende ugari pilatu zen Elkanon. Ziklistek ikuskizun ederra eskaini zuten auzoko maldetan, errepide bazterretan elkartu zen ikusle mordoaren gozamenerako.