Iratz Urkizu: "Huhezineman jasotako bi sariak ez genituen inondik ere espero"

Karkara 2018ko mar. 27a, 17:54

Iratz Urkizu oriotarrak bi sari jaso zituen Huhezinema film labur jaialdian, bere taldearekin batera. Lehengo ostiralean egin zen ekitaldian, Karkarcar lanak Fikzio onenaren saria eta Ikusleen saria eskuratu zituen. Filmak youtuber baten eta bere laguntzailearen komeriak kontatzen ditu, umore kutsuarekin.

Bi sari Huhezinema jaialdian, ez da makala gero.

Ustekabe ederra izan da. Sari bat ere ez genuen espero... Baten faltan, bi! kar kar kar

Modu ederra, filma egiten pasatako orduak konpentsatzeko...

Pozarren jaso genituen bi sariak, baina are ilusio handiagoa egin zigun filmak jendearengan sorturiko erreakzioak ikusteak. Laburra berritzailea dela komentatu ziguten ikusleek, eta ederra izan zen hori entzutea. Lanean pasatako orduek jaso dute saria, bai.

Zer kontatzen du Karkarcar-ek?

Gidoia ero xamarra da. Youtuber batek eta bere laguntzaileak broma bat egin nahi dute, Blablacar-eko auto batean zuzeneko emisioa eginez. Txantxa gaizki ateratzen zaie, eta arazoak sortzen zaizkie. Gaur egun sare sozialei ematen diegun erabilerari erreferentzia eginez, umore kutsua du filmak.

Nondik atera zenuten izena?

Whatsapp eta halakoetan, euskaraz barre-algara egitea kar kar kar idazten da. Istorioa Blablacar-eko auto batean gertatzen denez, hitz joko xelebre bat asmatzen saiatu ginen.

Eta nondik suertatu zitzaizuen filma egiteko ideia?

Ikus-entzuneko komunikazio ikasketak egiten ari naiz Mondragon Unibertsitatean, eta iazko ikasturtean egin genuen lana, ikasgai baterako.

Zenbat taldekideren artean?

Sei lagunek osatu genuen lan-taldea. Grabaketak Azkoitian egin genituen, argazki kamera reflexarekin.

Sorkuntza prozesuan bakoitzak ardura jakin bat izan al zenuten?

Bai. Nire kasuan, soinuan zentratu nintzen batik bat; hala ere, denoi denetik egitea tokatu zitzaigun.

Filma bidaliko al duzue jaialdi gehiagotara?

Bai. Huhezineman egindakoa lehen proiekzioa izan da. Orain, gaztelerazko azpitituluak jarriko dizkiogu, hemengo festibalez gain Espainiakoetan ere parte hartzeko. Festibaletako paseak amaitutakoan, interneten jarriko dugu ikusgai.

Aurrera begira, ba al duzu zinema munduan trebatzen jarraitzeko asmorik?

Filma egiten primeran pasa dut, baina oraindik ez dakit aurrerantzean zein bide jorratuko dudan. Ikasten ari naizen graduan ikus-entzunezko komunikazioaren adar ezberdinak ezagutzeko aukera izan dugu, eta ez oraindik ez dakit zertan espezializatu. Inoiz kamera aurrean frogak egiteko aukera ere eskaini digute unibertsitatean, eta lan horretan ere eroso aritu izan naiz. Ikusiko dugu. 

Momentuan, beste proiekturik bai eskuartean?

Bideoklip bat egiteko aukera suertatu zaigu Karkarcar-eko lantaldeari. Oraindik ez dugu zehaztu bideoaren edukia, eta lotzeko ditugu gauza batzuk, baina itxura guztien arabera, proiektuak aurrera egingo duela dirudi.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide