Bi partida irabazi zituen etxean OBBk

Karkara 2018ko mar. 27a, 14:25

Argazkia: OBB

Galiziako Cambre taldearen kontra jokatutako partidatakoak lehen garaipenak izan dira oriotarrentzat.

OBB sofbol taldeak etxean jokatu ditu pasa den asteburuan ohorezko mailako bi partida, Galiziako Cambre taldearen kontra, eta irabazi egin zituzten biak.

Lehen partida azkarra izan zen, Igone Etxeberriaren jokoari esker, karrera bakarra egin baitzuten galiziarrek. Oriotarrek hamaika karrera egin zituzten eta partida bosgarren sarreran amaitu zen, 11-1.

Bigarren partidan berdintasun gehiago izan zen, OBBk aurre hartu arren, azkar berdindu zieten galiziarrek. Zazpigarren sarrera arte 4-4 joan ziren eta, azkenik, Daniela Osakiren home runari esker, 5-4 irabazi zuten oriotarrek.

Denboraldiko lehen bi garaipenen ostean, aste santuan atsedenaldia izango du OBBk eta, oporren ondoren, Valentzian jokatuko dute Antorcha taldearen aurka.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide