Aiako Mendi Lasterketa baino astebete beranduago jokatuko da Oriokoa, zehazki, martxoaren 4an. 9:30ean emango diote hasiera probari herrian bertan, eta 21 kilometroko ibilbidea egin ostean itzuliko dira lasterkariak.
Orioko Herri Ikastolatik Puntarrirako bidea hartuko dute, eta Luxarbetik pasa ondoren, Orkolagara iritsiko dira; ibilbidearen erdira iritsiz. Orkolagatik hartuko dute berriz ere ikastolarako bidea. Lasterketa Orioko "mendialde ederra" aurkezteko modua izan nahi duela adierazi dute antolatzaileek, eta ibilbideak mendiko eta itsasoko bistak uztartuko dituela aurreratu dute. Guztira, 1.200 metroko desnibela izango du.
Lasterketa hasi baino lehen, ikastolan bertan banatuko dituzte dortsalak, eta parte hartzaile guztiek jasoko dute kamiseta opari. Ikastolan bertan kontsigna eta aldagela zerbitzua ere izango dela aurreratu dute, eta Karela kiroldegiko dutxak zabalduko dituzte.
Martxoaren 2ra arte eman daiteke izena, kirolprobak.com helbidean. Txip horiarekin, 20 euroko kostua izango du eta txip horirik gabe, 21 eurokoa. Gehienez ere, 450 lasterkarik izango dute izena emateko aukera.