Igande honetan hasiko da Gipuzkoako Batel Liga, Trintxerpeko Illunbe Arraun Klubak antolatutako estropadarekin. Zehazki, 10:30ean hasiko dituzte estropadak Pasaian; Torreatzetik abiatu eta bokale aldera egingo dute batelek.
Maila guztietako ontzien estropadak jokatuko dira, eta, tartean, Oriokoek parte hartuko dute. Orioko Arraun Elkarteak hamabi ordezkaritza izango ditu, guztira: infantil-kadeteen mailan hiru ontzi izango ditu; infantiletan, hiru; jubenil-seniorretan, bat; kadeteetan, bi; jubeniletan, bi; eta senior mutiletan, beste bat.
11 jardunaldi izango ditu ligak, eta eskualdean egun hauetan lehiatuko dira: otsailaren 3an Orion izango dute batel estropada, ZAEk antolatuta; otsailaren 24an, Zumaian; martxoaren 25ean, Orion; eta apirilaren 8an, Getarian. Aste honetan hasiko den Liga apirilean bukatuko da, Pasaian bertan. Apirilaren 14an izango da kanporaketa, eta hurrengo egunean, apirilaren 15ean, jokatuko da finala.