Parte hartzeko prozesu hau Udalak bultzatu du eta Elhuyar enpresak bideratzen du. Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzaren diru-laguntza jaso du, prozesu hau bultzatzeko.
Parte hartzeko prozesu horren barruan, bi bilera egin ditu Udalak azaroan herriko elkarteetako ordezkariekin: bat kultura, kirol eta gazteria alorrekoekin; eta bestea, merkataritza, turismo, osasuna eta hezkuntzakoekin.
Bi bilera horietan Udalak egindako ekipamenduei buruzko txostena azaldu zaie parte-hartzaileei. Txosten hori ikusi nahi izanez gero, hemendik deskargatu daiteke, PDF formatuan:
Herriko ekipamenduei buruzko txostena 2017 (PDF)
Azken bilera asteazkenean
Prozesuaren barruko azken bilera guztiz irekia izango da, parte hartu nahi duten herritarrei zabalik. Bilera hori abenduaren 13an egingo da, asteazkenarekin, kultur etxean, 19:00etan hasita. Bi ordu inguruko iraupena izango du.
Udalak gonbita egiten die gaiarekin interesa duten herritarrei, bertara azaltzeko eta beren ekarpena egiteko.
Aurreko bi bileretan jendeak egin dituen ekarpenak aurkeztuko dira lehenbizi eta, ondoren, talde-lanean, lehentasunak markatuko dira.
Orioko ekipamenduak
Orioko herria ondo osatuta dago ekipamenduz, tamaina bertsuko inguruko herriekin konparatuta; baina aurrekontu mugatua du horiek mantentzeko eta berriak sortzeko. Horregatik, nahitaezkoa da gogoeta egitea eta lehentasunak ondo markatzea. Horretarako egin nahi du Udalak parte hartzeko prozesu hau: jakiteko herritarren iritziz zein diren Oriori falta zaizkion ekipamenduak, aztertzeko ea bideragarriak diren eta zein epetan eta, posible den neurrian, lehentasunak markatu eta adosteko.