Astearte arratsaldean egin zuten ezohiko udalbatzarra Orioko udaletxean, eta besteak beste, 2018ko udal ordenantza fiskalen eta eranskinen aldaketak onartu zituzten. Salbuespen batzuk tarteko, tasa eta zerga gehienei KPIaren zenbatekoa aplikatzea ontzat eman zuen Udalbatzak gehiengo osoarekin.
Kontuan izan dute Gipuzkoako Foru Aldundiak katastroaren balioak egokitu zituela, eta, horregatik, industria inguruko ondasun higiezinen gaineko zerga mantendu egingo dute. Dena den, gainerako ondasun higiezinei KPIaren igoera aplikatuko zaiela adostu zuten. Berrikuntza bezala, etxebizitza hutsek %50eko gainkarga izango dute, hamabi salbuespenekin. Etxebizitzak hutsik dauden ala ez zehazteko, erroldak izango dituzte kontuan. Ordenantza hau martxan jartzeko, Zarauzko Udalekoa hartu dute eredu bezala. Bestalde, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergak ere KPIaren araberako igoera izango du, kamioiek izan ezik.
Udal Musika Eskolaren kasuan, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoak eta udalbatzarrak onartutakoak izango dira ezarriko dituzten tasak. Horrez gain, 2018tik aurrera hondakinen kudeaketa mankomunitatearen esku geratzen denez, Urola Kostako Udal Elkarteak ekitaldi ekonomiko bakoitzean onartzen dituen zergak eta tasak aplikatuko dituzte.
Tasa gehienak igoko badituzte ere, badaude salbuespenak. Salatxo aretoarena, Katea udal eraikinean kokatutako gelena eta udalbatzar aretoaren erabilera dira izoztu dituzten tasetako batzuk. Orioko jarduera ekonomikoen gaineko tasa ere bere horretan utziko dute.
Udal kanpinaren, kiroldegiaren eta kirol pisten erabileraren kasuan, aldiz, batzorde informatzaileek aldez aurretik onartutako tasak ezarriko dituzte. Arraunetxeko instalazioak erabiltzeko tarifak –hiru tarifa dira– mantendu egingo dituzte, lehenengoa izan ezik; %2,5eko igoera izango du.
Tasak eta zergak behin-behinean onartuta, herritarrek egin ditzakete alegazioak.