I. Errasti: "Orion segitzeko asmoa nuen, baina TKE Ligan entrenatzea erronka ederra da"

I. Gaiton 2017ko ira. 28a, 12:45

Iñaki Errasti Ondarroa AE-ko entrenatzailea izango da datorren denboraldian. Jon Iriondok utzitako postua beteko du aginagarrak, urtebeteko kontratua sinatu ostean.

 - Nola sortu da Ondarroara joateko aukera?

Denboraldia bukatu zenean, hasiera batean, Orion jarraitzeko asmoa nuen. TKE Liga bukatu zen igandean, Ondarroatik deitu zidaten. Taldeak azken urtetan egindako ibilbidea ikusita, aurkeztu zidaten proiektua interesgarria iruditu zitzaidan, eta baiezkoa eman nien. Erronka ederra dut aurrean.

- TKE Ligako txalupa bat entrenatuko duzu estreinakoz. Esposizioa, eta presioa ere bai, handiagoak izango dira.

Bai, noski. Orion gazteekin lanean ere baduzu presioa, baina ezberdina da.

- Urtebeterako kontratua sinatu duzu.

Denbora tarte egokiena iruditu zitzaigun bi aldeei. Ea denboraldia pozik amaitzen dugun denok.

- Orio B ontziak maila galdu du aurten. Hala ere, bigarren taldeetan, mutilen ilusioa mantentzea eta teknikoki hobetzen joatea izaten omen dira helburu nagusiak.
Orioko kluba, estropalariak eta zu, gustura geratu al zarete azken bi urteetako lanarekin?

Pertsonalki, pozik nago egindakoarekin. Estropalari gazte batzuk progresio ona egin dute. Azken denboraldi honetarako, 7 edo 8 arraunlari gutxiago genituen, eta justu ibili ginen taldea osatzeko. Honek asko baldintzatu ditu estropadetako emaitzak. Hala ere, bigarren taldeko mutilek A taldekoekin batera entrenatu zuten negu osoan, eta hori luxua da. Askotan gazteak ez dira pribilegio horren kontziente. Kalitate aldetik, entrenamenduak oso onak izan ziren.

Estropadetan nahikoa konpetitiboak izan gara, lehenengo txanda bost aldiz irabazi dugu. Azken momenturarte egin dugu borroka, eta play off-etan segundo erdigatik jaitsi gara behera. Pena handia eman dit horrek, baina orokorrean, balantze ona egiten dut. Ez da inorentzat alferrikako urtea izan. 

- Adituek esan digutenez, Ondarroaren eta Orioren arraunketek antzekotasunak dituzte.

Bai, izan daiteke. Biek egiten dute "luze" arraunean. Hala ere, beno, entrenatzaile bakoitzak txertatzen ditu bere ezaugarriak arraunketan, eta ni ere saiatuko naiz nire gauzak inplementatzen.

- Ondarroako txalupa 8. sailkatu da TKE Ligan. Zein da datorren urteko helburu nagusia?

Ondarroa urtetik urtera goraka joan da. Aurten TKE Ligan lehiatu diren lehen denboraldia izanik, oso ondo jardun dira. Txalotzekoa da Jon Iriondoren lana. Nire asmoa, taldearen gorakako joera horri eustea da. Ez da erraza izango, TKE Ligak geroz eta maila handiagoa duelako, baina lehengo urtean baino gorago ibiltzea gustatuko litzaiguke.

- Ondarroa harrobiko arraunlari asko dituen taldea da.

Bai, eta gehienak Ondarroa herrikoak bertakoak. Aurtengo estropada batean, txalupan zihoazen hamalauak bertakoak ziren. Hori ez da askotan ikusten. Lehengo denboraldiko taldea mantentzea gustatuko litzaidake hurrengorako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide