Mikel Atxegak Euskal Herriko bodyboard txapelketa eta Euskal zirkuituko 1. proba irabazi zituen igandean, junior mailan. Sopelan lehiatu ziren bodyboard zaleek, iragarri bezala, olatu nahikoa onak izan zituzten egun guztian zehar.
Mikelek gogoz hasi zuen lehiaketa, motibazio handiarekin. "Bezperan, Landetan izan nintzen lagun batekin, eta bi saio egin genituen uretan, txapelketarako puntuan jartzeko. Ez genituen olatu oso onak hartu, baina sentsazio oso onekin itzuli nintzen etxera", kontatu dio KARKARAri.
Goizeko lehen kanporaketan Open mailan lehiatu zen, eta ondo lortu zuen hurrengorako sailkatzea. Txapelketako finalerdietaraino iristea lortuta, 5. postuan sailkatu zen oriotar gaztea.
Egunean zehar, Open eta Junior kategorietako kanporaketak txandaka egin zituen Mikelek. Junior mailako kanporaketak "eroso" pasa ostean, finalerako sailkatu zen, eta hau, "olatu oso on bati esker" irabazi zuen.
Garaipen honek motibazioa indartu dio Atxegari. "Ea europar zirkuituko txapelketa bat Zumaian jokatzen den, eta bertan parte hartzeko aukera dudan", adierazi du irrikaz.