Datorren asteburuan, irailaren 15ean eta 16an, lehen partidak jokatuko dituzte Orioko Pilota Elkarteko pilotariek. Gipuzkoako kluben arteko binakako txapelketan parte hartuko dute elkarteko hiru bikotek.
Mirari Etxegiak eta Naroa Beldarrainek, emakumezko helduen gomazko paleta modalitatean bigarren mailan jokatuko dute aurten. Lehen partida larunbatean, hilaren 16an izango dute Hernanin, 15:00etan.
Gomazko paleta gizonezko helduen modalitatean, hirugarren mailan, Zigor Esoain, Unai Illarramendi eta Iban Arruti arituko dira. Ostiralean, irailaren 15ean, jokatuko dute lehen partida Illarramendik eta Arrutik, Soraluzeren aurka. 19:30ean hasiko da partida.
Aritz Lertxundik, Ibon Aranaldek eta Jon Zendoiak, eskuzko modalitatean bigarren mailan jokatuko dute. Etxean jokatuko dute lehen partida Lertxundik eta Aranaldek, Errenteriaren kontra. Larunbatean, irailaren 16an izango da partida, 17:00etan, Orioko Udal pilotalekuan.