Zilarrezko domina eskuratu dute Carrerak eta Gozategik Europako Sofbol Txapelketan

Karkara 2017ko abu. 28a, 17:39

Atletico San Sebastian taldeko jokalariak dira Rebeka Carrera eta Miren Gozategi. (A.S.S.)

Oriotarrak oso gustura daude Europako Txapelketan Atletico San Sebastian taldeak eman duen mailarekin.

Rebeka Carrera eta Miren Gozategi oriotarrek Europako Sofbol Txapelketa jokatu dute Italiako Montegranaro hirian, Atletico San Sebastian taldearekin. Finalera iritsi zen Donostiako taldea, eta larunbatean jokatu zuten partida Errusiako Caroussel taldearen aurka. Finala irabazi ez bazuten ere "oso gustura" dira egin duten lanarekin. Carrera oriotarrak azaldu duenez, finalera iritsita beren nahia bete dute, "gure helburua lehen hiru postuetan sailkatzea baitzen".

Lehen partida, Europako txapelketako inaugurazioko partida, italiarren aurka jokatu zuten donostiarrek. Lehen partidaz gain, lehen faseko partida gehienak irabazi genituen. Errusiaren aurka jokatu genuen final erdia ostiralean, eta galdu egin genuen norgehiagoka. Errusiarrak zuzenean finala jokatzeko sailkatu ziren, eta guk larunbat eguerdian Eslovakiako Apollo Bratislava taldearen aurka finalerako sailkapen partida jokatu behar izan genuen, 40 gradutan. Oriotarraren iritziz, talde indartsua da Eslovakiakoa, Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako pitcher oso ona dute gainera. Hala ere, donostiarrek 6-5 emaitzarekin irabazi zuten lehia.

Finala larunbatean
Larunbatean 20:30ean jokatu zuten finala. Oso maila ona duen taldea da Errusiako Caroussel, jokalari gehienak Errusiako Selekzioko kideak baitira. Gainera, errusiarrak atseden hartzeko egun bat izan zuten; guk berriz, egun berean bi partida gogor jokatu behar izan genituen. Partida 5-0 galtzen hasi ziren euskaldunak, baina emaitzari buelta ematen saiatu ziren aurkariarengandik puntu batera jarriz. Dena dela, amaieran nekeak eraginda behera egin zuen Donostiako taldeak, eta 9-4 emaitzarekin irabazi zuten errusiarrek finala.

Europako Sofbol Txapelketan podiumera igotzea lortu duen lehen talde euskalduna izan da Atletico San Sebastian, eta jokalari oriotarrak egin duten lanaz "harro" daude. Txapelketa zoragarria izan da, eta partida onak jokatu ditugu, adierazi du Carrerak.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide