Eskaintza berriak izango ditu aurten Ostargik

Karkara 2017ko abu. 24a, 16:01

Argazkia: Ostargi

Paperarekin eskulanak egiteko ikastaroa jarri nahi dute martxan, besteak beste.

Ostargi taldeak hainbat berrikuntza eskainiko ditu datorren ikasturtera begira. Jantzigintza, joskintza, ehoiziri-lanak, patchworka eta kakorratz lanak egin dituzte orain arte. Irailetik aurrera, horiez gain, beste bi ikastaro ere eskainiko dituzte.

Batetik, paperezko eskulanak egiteko ikastaroa emango du Koro Arratibelek. Paper birrinduarekin bitxiak, kaxak, koadroak, hiru dimentsioko piezak eta askoz gehiago ikasteko aukera izango da bertan. Ikastaroa doakoa izango da, materiala erosteko dirua soilik jarri beharko dute ikasleek.

Bestalde, hainbat guraso gazteren eskariz, Ostargiko zenbait kide konponketa sinpleak egiten erakusteko prest agertu da interesa duenari: galtza-barrenak, konponketa txikiak, botoiak...

Interesa duenak Kultur Etxean eman dezake izena, irailaren 1etik aurrera, 943 13 44 09 telefono zenbakira deituta edo bertara joanda 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Erakusketa urrian

Ostargik, urtero bezala, kideek egindako lanekin erakusketa jarriko du Kultur Etxean. Urriaren 9tik 15era izango da erakusketa, areto nagusian. Kultur Etxeko ordutegian egongo da zabalik, 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide