Gaur goizean Euskadiko Traineru Txapelketa jokatu da Lekeition. Haize ufaden eta itsas baldintzen ondorioz, lehia ikusgarria izan da, eta irabazleek azken txanpetan lortu dituzte garaipenak. Emakumezkoetan Hibaika izan da garaile, San Juango txalupari 1,98 segundu aterata. Gizonezkoetan Urdaibaik irabazi du bandera, Hondarribiarekiko 1,60 segunduko aldearekin.
Orioko nesken traineruak estropada ederra egin du. Eroso irabazi du bere txanda, eta sailkapen orokorrean 3. postuan sailkatu da Santi Zabaletaren tripulazioa, irabazlearengandik 16,21 segundura.
Jon Salsamendiren mutilek estropada txukuna egin dute, inork nahi ez zuen laugarren kaletik. Lehen bi luzeetan estropada buruarekiko segunduak galdu arren, ondo aritu dira arraunean, baina bigarren ziabogan balizarekin trabatu ostean, erritmoa galdu dute. Ondo borrokatutako hirugarren postuan amaitu dute estropada, Urdaibaiko txaluparengandik 21,57 segundura.