San Pedro egunean, Orioko Erretzabal baserrian orain dela 86 urte jaiotako Patxi Etxeberria bertsolariak bukaera eman zion plazaz plazako bertso-ibilbideari.
Lasarten bizi da Patxi orain 61 urte Oriotik bizitzera hara joan zenetik, eta Lasarteko kultur etxean esan zion agur jende aurreko bertsolaritzari.
Etxeberriak ibilbide luzea eta oparoa egin du bertsolaritzan. Uztapide, Lasarte, Basarri, Lazkao Txiki, Xalbador… bertso lagun izan zituen plazan; baita oraingo Egaña, Lujanbio, Arzallus eta konpainia ere, 58 urteko bertsolari jardunean.
Lasarten bizi zela, 1998an, hango bertso-eskolako gazteengana bildu zen. Geroztik haiekin aritu da bere burua prestatzen eta gainerako guztiei laguntzen. Bere ibilbidearen bukaeran, bertso eskolako lagunek omenaldi beroa eskaini diote, herriko festen barruan, hango kultur etxean.
Bertso honen bidez, adierazi zien San Pedro eguneko Lasarteko saiora bertaratu zirenei bertso huraxe zuela azkena:
Orain berrogei ta hemezortzi urte
herriz herri hasi nintzan,
baina ni hasi aurretik ere
beste batzuk bazebiltzan,
ta geroago hasi zirenak
hor goian nola dabiltzan,
gaur azkenengo saioa det hau
nik herri bertsolaritzan,
eskerrik asko, musu bana ta
agur eta ondo izan.
Patxiren agurraren aurretik, Lasarteko bertso-eskolako 11-12 urteko 20 neska-mutil gaztetxok lore sorta ederra oparitu zioten Patxiri, eta ondoren bi bertso hunkigarri kantatu. Hala zioten haietako batean:
Herri honentzat zarena
ezin hitzez adierazi,
oholtzak utzi arren ezin
zaitugu isilarazi,
eskerrik asko bihotzez
jarraitu kantuan Patxi.
Zu tabladutik jaisteak
nahiz ta asko tristetu gu
zuk egindako bidea
pozik jarraituko dugu.
Gaztetxoen aurretik, saioan kantatu zuten sei bertsolariek ere bertso bana egin zioten Patxi Erretzabali. Haien bertsoen bukaerak dira hauek.
Andoni Egaña: denontzat suerte handia izan da Patxi zu ezagutua.
Maialen Lujanbio: izan degu ta izango degu zugandik zer ikasia.
Beñat Gaztelumendi: zurekin plaza konpartitzea opari handi bat izan da.
Unai Muñoa: oholtzarik oholtza eramango dut zuri ikasitakoa.
Julio Soto: baina badaukat pena txiki bat: zurekin ez kantatua.
Ane Labaka: herri hau zutik mantentzekotan, euskaraz eta bertsotan.