Gogoratzen al zara Greziako hondartza batean hilda azaldu zen haurraren argazkiaz? Munduko txoko guztietara iritsi zen, bihotz askotako atea zeharkatu zuen. Hala ere, ziurrenik ez zara gogoratu bere izenaz, ordutik halako irudi asko eta asko iritsi baitzaizkigu.
Aylan Kurdi zuen izena eta 3 urte zituen. Galtza motz urdinak eta kamiseta gorria soinean zituela agertu zen hilik Greziako hondartza batean. Espedizio berean hil ziren bere ama eta 5 urteko anaia ere. Baina, urperatze horretan beste bost haurrek ere galdu zuten bizia. Mundua aztoratu zuen argazki hura albistegi guztietako titular izatera iritsi zen. Baina, nor gogoratzen da jada Aylan Kurdiz?
II. Mundu Gerraz geroztik gertatu den errefuxiatu krisi handienari aurre egiten ari gara. Iazko urtean 5.000 lagun inguru ito ziren itsasoan; aurten 1.316 dira dagoeneko. Hildakoen artean ditugu Aylan Kurdi bezalako haur asko eta asko. Baina egoerak ez du etenik, pasa den astean 8.000 lagunetik gora erreskatatu zituzten itsasoan.
Iristea lortzen dutenen kalbarioa ez da lur hartzean amaitzen. Euren herrialdeetako bonbetatik ihesi, laguntza eske datoz Europar Batasunera. Oztopoak baino ez dizkiegu jartzen bidean. Aterpea eskatzen diguten errefuxiatuei harresiz inguraturiko gaztelu eskuraezina aurkeztu diegula irakurri nion Ane Irazabali. Egia besterik ez dio, harresiz josten ari baikara Europa. Legezko bideak itxi zaizkie, saihesbideak erabiltzera bultzatuz. Eta harresirik ez den herrialdeen aduanetan kontrolak areagotu dira. Are gehiago, aterperik gabeko lur kanpalekuetan bizirautera behartzen ditugu.
Bien bitartean, mafiak eta trafikatzaileak egoera honi probetxua atera nahian dabiltza. Kanpalekuetatik irtetea amesten duten horiek edozer emateko prest agertzen dira, eta ondorioz, areagotuz doaz emakumeen aurkako eraso eta haurren esklabotza kondenak.
Ez gaitezen bada egoeraz ahaztu. Arazo ekonomiko eta geopolitikoengatik sortutako gatazka honek indarrean jarraitzen du. Mediterraneoak hiltzen jarraitzen du.