"Surflaria eta Paradisua" liburua argitaratu du Iñigo Urdinagak

Karkara 2017ko mai. 19a, 13:16

Atzo aurkeztu zuen Donostian surflariez gain olatu artean ibiltzen ez direnei ere zuzenduriko lana.

Iñigo Fernández Ostolatza oriotarrak bere lehen liburua plazaratu du, Iñigo Urdinaga izenarekin. Atzo eskaini zuen aurkezpen prentsaurrekoa Donostiako Udal Liburutegian, surflari ezagun eta kultur munduko lagunen artean. Iñigorekin batera, Surfilmfestibal jaialdiko zuzendari Sancho Rodriguezek eta Joxerra Gartziak ere hartu zuten hitza. Bigarrenak adierazi zuenez, liburua sailkaezin bezain gozaerraza da, sekulan surf egin ez dutenek ere gustura irakurriko duten saiakera-narrazio nahasketa freskoa. 

Iñigoren bizipenek presentzia handia dute liburuan, baina ez da autobiografia bat. Orion kokatzen dira orrietako pasarte dezente, eta nazioarteko surf kontu asko ere bildu ditu Surflaria eta Paradisuak dituen kapitulu motzetan.

 

                                           

Surfaz gain gizartearen martxa, hedonismoa, diruzalekeria eta beste hainbat gairi buruzko lerroak aurkituko ditu irakurleak liburuan, eta surfaz idatzi duten idazle handien aipuak ere bai: Melville, Jack London, Agatha Christie, Eduardo Galeano,...

Liburuaren hitzaurrea doan eskura daiteke hemen klik eginda. Erosi nahi izanez gero, dagoeneko jarri dute salgai Orioko Ontza liburu-dendan eta Iturain estankoan.

Hilaren 26an Urdinaga eta Finnegan Pulitzer sariduna Donostian

William Finnegan amerikarrak Pulitzer Saria irabazi zuen 2016an "Barbarian Days: A Surfing Life" liburuarekin,  eta datorren astean Donostian izango da Zilarrezko Euskadi saria jasotzen. Iñigo eta Finnegan elkarrekin arituko dira tertulian, Aquariumean egingo den ekimen baten baitan.

Ekainaren 2an aurkezpena Orion

Urdinagak ekainaren 2an aurkeztuko du Surflaria eta Paradisua Orion, 19:30etan kultur etxean. Ibon Gaztañazpi kazetariak elkarrizketatuko du Iñigo, eta amaitzean, bertaratutakoek galderak egiteko aukera izango dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide