Nahi al duzu herri burujabe bateko herritar izan? galderari erantzungo diote gaur egunean zehar oriotarrek. Gaur 09:00etan ireki dituzte bozkalekuak Ikastola aurrean eta Herriko Plazan, eta 20:00ak arte beren botoa emateko aukera izango dute herritarrek.
09:00etan izan da irekiera ekitaldia Ikastola aurreko plazan Baliza elkarteak atondu duen gunean. Harribil Dantza Taldeko dantzariek agurra dantzatu dute Asier Gozategiren trikiti doinuaren erritmoan, eta lehen bozka 16 urteko Eider Peirok eta 94 urteko Patxi Oliden "Danbolin"-ek eman dute; hunkituta agertu dira biak saioan. Danbolinek nabarmendu du garrantzitsua dela euskal herritarrok gure etorkizunaz erabakitzeko eskubidea izatea. Peirorentzat bozkatzen duen lehen aldia izan da gaurkoa, eta ilusio berezia egin diola aitortu du. Euskal Herri libre baten aldekoa naiz. Urrats garrantzitsua da gaurkoa, pausu txikien bidez irekiko baitugu bidea - adierazi du.