Maiatzaren 5ean, ostiralean, hasiko da 50. Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa eta, zazpi urteko absentziaren ondoren, Orioko taldea egongo da bertan. Eskualdeko bost herritako taldeak arituko dira lehian, Aiak ez du parte hartuko aurtengoan.
Azken zazpi urteetan ez dute parte hartu oriotarrek, ez zutelako talderik osatzen. Aurten, kadete, jubenil eta nagusi mailako bikoteak osatu dituzte. Final hamaseirenetan hasiko du txapelketa Orioko taldeak: aurreko urteko zortzi talde onenak final zortzirenetara sailkatzen dira zuzenean, gainontzekoak final hamaseirenean hasten dira.
Asteasuren kontra jokatu behar dute oriotarrek lehen kanporaketa. Lehen partida, joanekoa, Asteasun jokatuko dute ostiral honetan, maiatzaren 5ean. Itzulikoa etxean jokatuko dute, maiatzaren 12an. Kanporaketa hori irabazten duen taldeak Azkoitiaren kontra jokatu beharko ditu final zortzirenak. Maiatzaren 21eko eta 28ko asteburuetan izango dira partidak.
Honakoak dira Orioko taldeko jokalariak:
- Kadeteak: Aimar Irastorza, Unai Vallejo eta Gorka Larrañaga.
- Jubenilak: Joseba Aranburu eta Aratz Oliden.
- Nagusiak: Aritz Lertxundi, Ibon Aranalde eta Aimar Galarraga.