- Nolatan bururatu zitzaizuen Feria Rociera antolatzea?
Apirilean Feria de Abril ezaguna ospatzen da Sevillan, eta Oriora ospakizun horren lagintxo bat ekartzeko gogoa nuen tabernan festa txiki bat antolatuz. Arkupe elkarteko bilera batean proposamena bota nien gainontzekoei, eta denen artean aurrera egitea erabaki zen. Ideia nirea izan arren, herriko ostalari gehiago ere inplikatu dira antolakuntzan.
- Eguraldiak laguntzen badu, giro polita jarriko duzue kalean.
Bai, hori da asmoa. Orion izaten dira parranda gutxiko denboraldiak, eta festa honekin saltsa sortu nahi dugu. Ea jendea kalera atera eta dantza pixka bat egitera animatzen den!
- Zer diote bezero eta lagunek?
Gustura daude, festaren aitzakiarekin larunbatean taberna goizalde-arte irekita izateko baimena eman digutelako... Parrandarako ordu gehiago dituzte!
- Sevillan festa horretarako janzten diren bezala atontzeko gonbita luzatu diezue herritarrei.
Bai, eta bezero batzuk esan didate dagoeneko prest dutela arropa. Mutilen kasuan, ea... Baserritarrez janzteko erabiltzen den arropak balio dezake, gutxi gorabehera! Galtza beltzak, alkandora zuria, txalekoa...
Emakumeen kasuan zailagoa da, Sevillan festa horretarako jantzi bereziak erabiltzen baitituzte. Halere, bezero eta lagunei esan diet nahikoa dela gona luzea, kamiseta, lore bat ilean eta abanikoa eskuan dutela azalduta kar kar kar!
- Andaluzak eta euskaldunok topikoz blaitu gaituzte azken film eta telesailek. Hain ezberdinak gara?
Beno... Eguraldiak eragin zuzena du jendearen umorearengan, eta argi dagoena zera da, hegoaldean klimak asko laguntzen diela kalean egon eta festa giroa izaten.